Haskell Brooks Curry (Millis, Massachusetts, AEB, 1900eko irailaren 12a - State College, Pennsylvania, AEB, 1982ko irailaren 1a) estatubatuar matematikaria izan zen.
Harvarden egin zituen ikasketak, eta doktoregoa Göttingenen (Alemania) bukatu zuen, 1932an; tesia, Grundlagen der kombinatorischen Logik (Logika konbinatorioaren oinarriak), Hilberten zuzendaritzapean, egin zuen.
Harvarden eta Princetonen eskolak eman ondoren, Pennsylvania State Unibertsitateko irakasle izan zen 35 urtez.
Bigarren Mundu Gerran, Johns Hopkins Unibertsitatean aritu zen Fisika Aplikatuaren arloan, ikerlanean. 1966an, Amsterdameko matematika-katedra onartu zuen.
Curryk ekarpenik garrantzitsuenak Logika Matematikoaren arloan egin zituen, bereziki sistema formalen eta prozesuen teorian. Erregela inferentzialak erabiliz, kalkulu logiko bat eraiki zuen.
Bere liburuen artean, Combinatory Logic (1958, Logika konbinatorioa), Robert Feys-ekin batera idatzi zuena, eta Foundations of Mathematical Logic (1963, Matematika logikoaren oinarriak) dira aipagarrienak.